Estricallak, Kantabria eta Euskal Herrietako kideak dituen musika taldeak, neguan beraien 3. diskoa aurkeztu zuen. Berarekin batera “Negu Berri Tour” bira. Bira hori bukatu bezain pronto eman zioten hasera bira berriari, “Marrazoa bezain azkar” uda-bira. Udazkena ere kontzertuz gainezka dute, tartetxo bat hartu eta galdera batzuk luzatu dizkiegu.
-Hiru diskoen izenburuetan “kirolari” keinu egiten diozue, “Tripe Asalto mortal”, “Fuegos olímpicos” eta “Gimnasia revolucionaria”. Arrazoi bereziren bat badago, izerditan bukatzen duzuelako akaso?
Nahiz eta bizitza eta gure kantuak azkar pasa, mundu honetako gure ibilbidea iraupen luzeko korrikalarien gisara. bere bidea poliki poliki egiten ari den iraupen luzeko korrikalarien pare ikusten dugu. Helmuga bukaera ez den lasterketa eta lasterketa bera saria dena. Zaila da jota ez bukatzea, izerditan blai, are gehiago markatutako ibilbidearen aurkako norabidean korri egiten duzunean. Hustu beharra dago.
-Kirola, sofan etzanda egotearen aurkakoa dela uler daiteke. Ez dira geldirik egoteko garaiak ezta? Kontenido sozio-politiko haundia dute zuen abestiak. Borroka amaigabe batean bizi gara?
Gauzak aldatzeko ilusioa eta gustukoa ez duguna salatzea dira gure motibaziorik handienak musika egiterako garaian. Horregatik gure kantuek esaten dute esaten dutena, eta azaltzen dute azaltzen dutena. Ez dira isilik eta etxean geratzeko garaiak, eta gure abestiak justu kontrakoaren aldarrikapena dira.
-Azken diskoari erreparatuz, hizkuntzek deitzen dute atentzioa, azken diskoan hainbat hizkuntz desberdin entzun daitezke.
Beno, gure errealitatearen ispilu dira, gure egunerokotasunarena, gure bizien isla.
-Letrak ere garrantzia dute zuen konposizioetan, mezua eta esateko modua, literaturazaleak zaretela begibistakoa da, Pizarnik, Rafael Barret,… bezelako idazleen inspirazioa dute agian?
Oso garrantzitsua da zer eta nola esaten duzun. Alejandra Pizarnik, Rafael Barret, Galeano, Tom Spambauer, Artaud, Tzara,…eragin, hausnarketa eta inspirazio iturri dira, baino ez gure aurrean duguna, egunero inguratzen gaituena baino gehiago. Egunerokoa, ez soilik gure inguruan gertatzen dena, baita milaka kilometrotara gertatzen dena, pentsatu, sentitu eta idaztera gonbidatzen zaituen indar handi bat da. Baina agian bai, guri egokitu zaigun errealitatea bizitzea, askotan beraiek ikusi zituzten moduan, begi berdinekin, ikusten dugu
-Abestien titulo guztiek zenbaki bat dute bere baitan, jolas bat da agian?
Jolasa izan da, erronka bat izenburuak aukeratzeko garaian, zerbait desberdina egitearren. Motibatu eta egiten ari garenaz gozatzeko modu bat. Detaileak garrantzitsuak dira. Detailea da gakoa.
-Diskoan kantu mota desberdinak daude, jarkore purua, melodikogoak, hiru hitz soilik dituztenak, poesiaz josita daudenak,…
Azken “Tripe Asalto Mortal” honetan gauzak eta egiteko moduak aldatu dira. Leku, erritmo eta hitz ezezagunetara eraman gaituen jauzi handi bat izan da. Mugarik gabe. Taldean izandako aldaketak ere nabariak dira diskoa egiterako garaian, disko hau guzti horren isla da.
-Maketazioari ere garrantzia eman diozue, Okene eta Estricalla elkarlanean.
Lehen esan bezala detailea garrantzitsua da, gauzak esateko modua. Diskoa, diseinua, ez soilik musika edo letrak, disko baten osagaiak dira guztiak eta duten garrantzia eman behar zaie. Enekok lagundu zigun honetan, forma ematen gure ideiei, gure delirio eta instintu baxuenei.
-Ta luxuzko kolaborazio bat diskoa biribiltzeko, Jello Biafra.
Duela urte batzuk Jello Biafrarekin kantu bat grabatuko genuela esan baziguten ez genuen sinetsiko. Guretzako la hostia izan da, izan ere gure bizitza osoko erreferente musikal bat delako. Duela urte batzuk Bilboko Kafe Antzokian elkarrekin jo genuen eta giro polita sortu zen geure artean, gerora ea gurekin zerbait grabatzera prestatuko zen esan eta segituan animatu eta izugarrizko letra idatzi gainera. Puntazo bat izan da.
-Ta aurrerantzean, zein da zuen asmoa? Bira berria martxan dago, eta gero? Zuetako batzuk beste proiektu batzutan aritzen zarete, nola daude hauek?
Orain 4 kantu izango dituen ep bat prestatzen ari gara, eta kantu batean Mr Chi Pig-en kolaborazioa izango dugu, 20115 hasieran argitaratzea espero dugu… eta deitzen diguten bitartean jotzen jarraituko dugu, gogoak soberan ditugu eta. Eta taldekideon gainontzeko proiektuak ere martxan daude, Erik-ek Hartzak taldearekin ep bat grabatuko du. Batik, Guillotina talde kantabriarrarekin kantatzen du eta laster ep bat aterako dute Bizkaiko Control de Plagas taldearekin batera. Hodei duela gutxi Erantzun taldearekin izan da Beasaingo gaztetxean eta Mirenekin batera duen proiektua, Ochi di Farfalia, martxan dago. Fer eta Matxura tema berriak prestatzen…