-Zuloak taldearekin urterbetez kontzertu piloa eman eta gero, atseden hartu beharrean proiektu berri honekin zatoz. Ez zara geldirik egoteko horietakoa? Noiz erabakitzen duzu hau dena martxan jartzea? Nola?
Oso argi neukan horrelako bira bat burutu eta gero ezin nuela tiroi honi ez eutsi. Hala ere, eskenatoki batera igo gabe urte bat eramango dut Zuloaken azken kontzertua eman nuenetik, beraz, niretzat nahiko atsedenaldia da nahiz eta bitartez oraingo proiektua prestatzen egon. Gauzak uzten badituzu berandurako, gero ez duzu indar berdinarekin hartzen.
-Aurretik Las Putass del Mistol eta The Dispositives taldeetan aritu zinen, proiektu berriaren musika estiloa hildo beretik doa?
Egia esanda ez asko, hala ere nabarituko da nire betiko estiloa. Garenak gara eta ezin dugu gure nortasuna kendu egiten ditugun gauzetan . Saiatu naiz gogoko dudan musika egiten. Taldeetan aritzen zarenean erabakiak demokratikoak izan behar dira eta ez zaude beti gustora 100% emaitzarekin. Orain ere ez, baina behintzat nik landu dut hautatutako bidea.
-Zuloak taldearekin, emakumeen eskubideak, feminismoa, abortoa,… aldarrikapen garbiak. Zertaz hitzegiten dute kantu berriek?
Edozein letretan aldarrikatzen dugu barnean duguna. Kasu honetan ikuspegi pertsonalago bat eman nahi izan dut, baina orokorrean maitasunaren inguruko gaia nagusitzen da hitzetan.
-Taldeko musikariak aspaldiko lagunak dituzu ezta?
Bai. Fermín Bouza, Correoseko gitar jolea nire mutila da, Maitane Alonso nirekin aritu zen The Dispositivesen, eta Ander del Sol, Kasernarat taldekoa, nire zenbait tatuajeen tatuatzailea da. Ekipo on bat atera behar da lana aurrera eramateko, bestela ez dago modurik.
-Fermin, taldekidea eta bikotea, nola eramten da hori?
Egia esanda konfiantza handiagoa dago elkarlanean aritzeko eta bere aldamenean asko ikasi dut, bera ere guztiz entregatu da. Aldi berean adostasunera heltzen ez zarenean tentsioa ere handiagoa da baina orokorrean akordio batera iristen gara inungo arazorik gabe.
-Bigarren Fermin bat ere badago taldearen atzean, bueno edo alboan. Fermin Muguruzaren laguntza duzu ibilbide berri honetan.
Hasieratik sostengatu du egin dudan guztia. Eta orain bere laguntza izatea diskoa ekoizteko sekulako zortea da. Oraindik ez naiz jabetzen zelako zorionekoa naizen. Bere alboan lana egitea beti da ikasgai bat.
-Krisiak krisi, zailtasun haundiak daude disko bat grabatu eta argitara eramateko, sormena krisian ez dagoenez alternatiba berriak bilatu behar dira ekimen berriak martxan jartzeko, zure kasuan auzolaguntza edo crowfounding kanpaina bat abiatu duzu. Zer egin behar da bertan parte hartzeko?
Verkami plataformaren bidez egin dugu deialdia jendearen laguntza eskatzeko. Bakoitzak, ahal duen heinean ekarmen desberdinekin ordainsari bat jasoko dute. Garai hauek direla eta uste dugu eskeintzen duguna edonoren poltsikora egokitzen dela. Proiektu hau aurrera ateratzeko jendearen konfiantza gugan ezinbestekoa izango da.
-Eta, zuzenekoak noiz etorriko dira?
Dena ondo badoa irailaren erdialdean aurkeztuko dugu diskoa eta hasiko gara zuzenekoekin ahal diren leku guztietan.
-Eszenarioa jan egiten duzu zuzenekoetan, oraingoan ere horrela izango da?
Hori da nire nahia eta lortu nahi dudana, baina agian indarrak gehiago neurtuko ditut.